• SANTOS BREGAÑA. Donostian eta Bartzelonan arkitektura-ikasketak egin ostean, 1996an atelier laia sortu zuen. Bertan, barrualdeak diseinatzeko proiektuak eta proiektu grafikoak eta industrialak egiten ditu, batez ere, gastronomia-kulturarekin lotutakoak. 2008an, Anne Ibañez Guridirekin batera, Art Director Club NYek ematen duen Sphere saria jaso zuen Mugaritz jatetxearekin hasieratik egindako lanarengatik.

    Tabula editorialaren zuzendaria ere bada, kultura eta gastronomia zabaltzeaz arduratzen dena. Portzelana-diseinuko bere lanek (O! Luna, Tabula eta Linneo bildumek) ospe handia hartu dute nazioartean eta mundu guztiko jatetxe eta hotelik onenetariko askotan daude. Bere lanak, besteak beste, Parisen, Washingtonen, New Yorken, Tokion, Milanen, Madrilen, Miamin eta Berlinen erakutsi dira. 2006tik 2008ra Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren kooperatibako gerentea izan zen eta EHUko Bilboko Arte Ederren Fakultateko zeramika-masterreko irakasle ere izana da.
  • AGURTZANE INTXAURRAGA. Informazioaren Zientzietan lizentziatua da EHUn (1992) eta HIKA Teatroa enpresaren kide-sortzaileetako bat da (1990). Interpretazio-ikasketak egin zituen Antzertin, baina berehala hasi zen bere konpainiarekin lanak idazten, zuzentzen eta ekoizten, eta sari ugari lortu ditu bere ibilbidean zehar.

    Bere azken lanak: “Aitarekin bidaian” (2010eko Donostia saria; Ikuskizun onenari Publikoaren saria eta Epaimahaiaren aipamen berezia 2010eko Garnacha La Rioja Antzerki-lehiaketa nazionalean; 2011ko Max saria euskarazko testu onenari); Gorakada konpainiarentzat Suzanne Lebeau dramaturgo kanadarraren “Ogro txikia” (2011ko Feten saria Dramaturgia onenari); “Hitzak” (Torrejón de Ardozeko Eszena-zuzendarien XVI. lehiaketa nazionala, 2013; Aktore onenari saria 2013ko Garnacha La Rioja Antzerki-lehiaketa nazionalean). Gainera, urte hauetan hainbat gala ekoitzi eta zuzendu ditu. Aktoreen zuzendari eta gidoilari gisa ere jardun du “Goenkale” telesailean (ETB1) 18 urtez. Bestalde, “Teresa eta Galtzagorri” ipuin-bilduma argitaratu du (Banaka Media) baita Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzaileari buruzko lana ere (Bidegileak biduma, E. J. 2007).
  • IBAN GARATE. Aktorea eta telebista-aurkezlea. 15 urte zituenetik komunikazio-arloan egiten du lan. Euskal Telebistako telesail eta programa ezagunetan hartu du parte eta zinema-ekoizpen arrakastatsuetan protagonista izan da; Aupa Etxebeste!, Arriya-la piedra edo Miel de Naranjas lanetan, esaterako.

    Esperientzia eta ezagutza ditu ikus-entzuneko enpresen kudeaketan, dokumentalak ekoitzi eta proiektuak koordinatzen baititu 2009tik. 2015ean Traola - Sormena & Media enpresa sortu zuen, era askotako kultura-proiektuak garatzeko. 1982an jaiotako azkoitiar honek Ekonomia eta Enpresa ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean eta lkus-entzunezko komunikazioan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean.
  • HARKAITZ CANO. Harkaitz Cano idazlea da. Ia jenero guztiak landu ditu: nobela (Twist, Beluna jazz, Pasaia blues, Belarraren ahoa), ipuinak (Beti oporretan, Neguko zirkua), kronika (Piano gainean gosaltzen), poesia (Norbait dabil sute-eskaileran) eta saioa barne (Zinea eta literatura, Txalorik ez, arren).

    Nabarmentzekoa da, halaber, musikari, dantzari, komiki marrazkilari eta artista plastiko ezberdinekin egin ohi duen elkarlana. Allen Ginsberg, Anne Sexton eta Hanif Kureishi bezalako egileak euskaratu ditu. Bere lanak Best European Fiction (Dalkey Archive, 2016) eta beste hainbat antologiatan jasoak izan dira.

    www.harkaitzcano.com
  • FRÉDÉRIC DUHART. IUAESeko Elikaduraren eta Nutrizioaren Antropologia Batzordeko idazkari nagusia eta CORPUSeko (Gorputzari buruzko Kultura Ikasketen Nazioarteko Taldea) koordinatzaile nagusia da. Frédéric Duhart irakaslea eta ikertzailea da Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultatean eta Basque Culinary Centerren. Horrez gain, eskolak ematen ditu Université Paris Diderot-Paris VII unibertsitatean (“Elikadura-arazoen, anorexiaren, bulimiaren eta obesitatearen klinikak”) eta aldizka parte hartzen du Mexikoko Universidad Autónoma Chapingo unibertsitateko prestakuntza-saioetan.

    Ikaskuntza/Baiona Hiria 2001 saria jaso zuen. Euskal Kultur Erakundearen arabera, erreferentziazko pertsona da antropologiaren arloan, eta UOCko (Bartzelona) Elikadura, Kultura eta Garapena UNESCO Katedrako Aholkularitza Batzordeko kidea da.
  • XABIER ERKIZIA. Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) musikari, ekoizle eta kazetari da. Irrati eta telebistako ikasketak osatu eta kazetaritzaren munduan profesionalki lan egin ondotik, azken 15 urteok soinugintzari eskaini dizkio, musikagintza, ikerketa, soinu diseinua nahiz entzumenaren kulturarengan arreta jarriz. Lan horren emaitzak musika konkretua, rock experimentala, inprobisazio askea, soinu instalazioak, filmetarako soinu-bandak, irratigintza eta saiakera idatzietan argitaratu ditu, hortarako bakarka edo elkarlanean herrialde aunitzetako hainbat artistekin lan eginez. Bere lanak Europa, Amerika, Asia eta Afrikako hainbat espaziotan erakutsi izan ditu.

    2000. urtetik ERTZ bertze musiken jaialdia antolatzen du elkarlanean. 2002tik 2013ra arte ARTELEKU arte garaikideko ekoizpen zentruaren soinu departamentuaren ardura izan zuen. Erakusketak ere antolatu ditu eta SOINUMAPA.NET. egitasmo kolektiboaren fundatzaileetako bat da. Gaur egun, aipatutako lanez gain, hainbat komunikabiderekin egiten du lan (bereziki, irratietan) eta AUDIOLAB elkarteko kide da.
  • XABIER LOZANO. Argiztapenean aditua, 1988an hasi zuen bere karrera profesionala Euskal Telebistan. Lehenengo urteetan telebista programetan egin zuen lan: informatiboetan, telesailetan, magazinetan, lehiaketetan... Ondoren telebista produktoretan hasi zen lanean eta gaur egun ere arlo honetan lanean dihardu, besteak beste, TVE, Telecinco, Antena 3, Telemadrid eta Canal Sur kateentzat.

    Publizitate spotetako argiztapena ere landu izan du. Azken urteotan, antzerkietako argiztapenean lan egin izan du eta Euskal Herriko antzerki konpainia askorekin jardun du lanea; baina Katalunia, Valentzia eta Madrileko konpainiekin ere. Museo, ikuskizun, erakusketa eta eraikinen argiztapena ere egin izan du.
  • IÑIGO COJO. Donostiako sukaldari gaztea; ekintzailea da eta bere lanbidea maite du. Donostiako Luis Irizar eskolan egin zituen ikasketak, eta, ondoren, bere proiektuei ekiteaz gain, prestakuntza jaso zuen Gipuzkoako zenbait chef ezagunen ondoan. Gaur egun, lankidetzan aritzen da Basque Culinary Centerrekin.
  • DEBOLEX. Publizitatean, motion graphics-etan, musika-bideoetan, web edukietan, plataforma berrietan eta dokumentalen edukietan espezializatutako ikus-entzunezko produktora.

    Proiektuak bezeroaren neurrira garatzen ditugu, bezero eta bazkideen arteko lankidetzan oinarrituta, eta azken piezaren helburura egokitzen ditugu sormen-ikuspegia, baliabideak eta lan-fluxua. 2006tik lanean gabiltza publizitate-agentziekin, erakundeekin, enpresekin, diskografikekin eta kultur proiektuekin. 2009an bigarren bulego bat ireki genuen, Txileko Temuco hirian, eta ordutik lankidetzarako beste lerro bat daukagu irekita.

    www.debolex.com