12 zopak

Europaren historiaren orrialdeak atzeraka pasatzen jarraituz, bortsch batekin egiten dugu topo. Ez da hor soilik Ukrainako, Poloniako, Bielorrusiako, Errumaniako, Moldaviako, Lituaniako edo Errusia neurrigabearen hegoaldeko probintzietako kultura aberatsak zaporetsuki ordezka ditzakeelako.

Gorria da, odola eta iraultzaileen zutohiala bezala, eta ez digu uzten XX. mendea zeharkatzen, bloke komunistaren desegitearekin batera etorri ziren haurrideen arteko gatazkei edo demokrazia herrikoien ekintza ilunenei so egin gabe; Shoah-ren 6 000 000 biktimak gogoan hartu gabe eta diktatore baten nagusitasunari edo ideologia nazi ustelari uko egiteagatik erori ziren guztiak gogoan hartu gabe; «Guerra civil» delakoa edo «Gerla Handia» edo «Urriko Iraultza» eta abar zer izan ziren gogoetatzeko denbora hartu gabe.

Urtaro orotan fresku den bortsch horrek gogora ekartzen digu, halere, gertakari izugarriek markatu zuten XX. mende horrek berrikuntza anitzen hedapena ekarri zuela ere, eta horrekin, gaur egun europar gehien-gehienak diren gizateria taldearen bizi baldintzak onerako aldatu zituela.

Pentsatzeko on den zopa baten egiteko klasikoan sartu aitzin, bortsch honek gonbidatzen gaitu, 2016 honetan gutako askok harreman oso berezia dugun mende baten gainean gogoeta egitera; harreman berezia, bai, gure bizitzaren gehiena mende horretan eman baitugu eta pertsonalki ezagutzera heldu ez garen zenbait gertakari -zaharregiak baitzaizkigu- gure nazio edo eskualdeon oroimen kolektiboan baititugu oso sartuak.

Honako bortsch hau sorkuntza berezia da eta omenaldi bat ekialdeko Europan sortu eta garatu zen, eta gero, sukaldari ospetsuek ospea emanik eta emigrante behartsuek beste lurraldetara eramanik, mundu osoko mokofinen gustuko bilakatu zen «eltzekari gazi-gozoen» kidego handi bati.

Gizarte tradizionaletan erlijioak ezarritako betebeharrak betetzeak bortsch mota anitz sortzea ekarri zuen. Luzaz izan ziren, noski, landetako eta hirietako bortsch desberdinak, behartsuen bortscha eta ahaldunena, senitarte bakoitzak ez baitzuen ordain zitzakeen moduko eltzekariak besterik inoiz hartzen.

Atlantikoa zeharkatu eta balio berezia hartu zuen bortscha. Nortasun elikagaia bilakatu zen eta haren jateak herrimin olde bat sor zezakeen; hala erakutsi zigun, argi eta garbi, 1939an, A Brivele der Mamen yidisch filmaren eszena batek. Halarik ere, jatorrizkoak baino haragi gehiago zuenez, gogora ekar zezakeen ere mundu berriak egun hobeen esperantza eskain zezakeela bederen. Ongi hornituriko bortscha bete-bete egin arteraino jatea batzuen amerikar ametsaren parte izan zitekeen. Ez da halabehar hutsez, ezpada atxikimenduz, oraindik orain, guztien gogoetan gorde, Sullivan-eko Konterriko eskualdea, hau da, New York-eko kidego juduaren oporleku nagusia, Bortsch Belt moduan ezagun.
Subir
Bajar